XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta, haren begi txikien begiratu zorrotzarekin topo egiten zuenean, ikaraz mugitzen zituen bekainak.

Andreiren aztoramena nabaria zen: bat-batean, hala hizketan nola barre algaraka hasten zen, eta segituan, solasaldia tupustean etenik, txistu egiteari ekiten zion.

Amari iruditzen zitzaion haren larritasuna ulertzen zuela.

Nikolaik eserita jarraitzen zuen, txintik esan gabe, eta jojolak zerbait galdetzen zionean, laburki eta batere gogorik gabe erantzuten zion.

Gela txikian, bertako bi bizilagunak estu eta itota sentitzen ziren eta, aldian batak, aldian besteak, begiratu arinak egozten zizkioten bisitariari.

Azkenean, hala esan zien, zutitzeaz batera:

- Ohera noa.

- Denboraldi luzea eman dut giltzapean sartuta, bat-batean askatu naute eta ibiltzen hasi naiz.

- Nekatuta nago.

Sukaldera joan zen, eta puska batean hara-hona aritu ondoren, bat-batean hantxe hil bailitzan haren hotsak itzali zirenean, amak, belarria isiltasunera jarrita, marmarka esan zion Andreiri:

- Beldurgarria da horren pentsaera...

- Mutil garratza da! baietsi zuen jojolak, buruari eraginez.

- Baina aldatuko da!

- Niri ere, gauza bera gertatu zitzaidan.

- Bihotzeko sua motela denean, kedar asko metatzen da hor barruan.

- Eta orain, enetxoa, zoaz ohera; ni irakurtzen geratuko naiz puska batean oraindik...

Perkalezko gortinez babesturik ohea zegoen txokora joan zen ama; Andrei, mahai alboan eserita, luzaro egon zen haren otoitz eta zinkurinen murmurio epela entzuten.

Biziki narritaturik zegoen.

Bekokia igurtzi, hatz luzeez bibotea bihurritu eta hankak mugitzen zituen liburuko orriak agudo iraultzen zituen bitartean.

Erlojuaren zintzilikaria tiki-taka ari zen, eta leihoaz bestaldean intzirika haizea.

Amaren ahots apala entzun zen:

- Ene jainkoa! Hainbat jende bizi da munduan, eta kexu dira denak, nor bere erara.

- Eta non dira zoriontsuak, horrelakorik ba al da?